Udako Euskal Unibertsitatea
Babeslea
Kultura sailak diruz lagundutakoa
UZTARO aldizkariaren helburua giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzea da. Argitaratuko dituen lanak batik bat ondoko arloetakoak izango dira: ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia eta geografia. UEUk antolaturiko ikastaro, mintegi edo jardunaldien inguruan sorturiko lanek izango dute lehentasuna UZTARO aldizkarian, baina kanpotik bidalitako lanak ere onartuko dira argitaratzeko. Beti ere lan berriak izango dira, beste inon argitaratu gabeak. Erredakzio Batzordeak erabakiko du, Idazkaritzara iristen den lan bakoitzari dagokion arloko UEUko sailburuaren iritzia eta kanpoko artikulu-ebaluatzaileen iritzia entzun ondoren, zenbaki bakoitzean zer argitaratuko den.
Argitaratu nahi diren lanak ondoko hel-bidera bidaliko dira: UZTARO. Udako Euskal Unibertsitatea, Erribera 14, 1. D 48005 BILBO(e-mail: argitalpenak@ueu.org). Artikuluaren bi ale bidaliko dira DIN A-4 formatuko paperean inprimaturik eta euskarri elektronikoan ere, ahal bada Microsoft Word programarekin idatzita eta bestela erabili den programaren ezaugarriak jakinaraziz. Hala paperean nola disketean, egilearen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa ezarriko dira leku agerian. Artikuluaren izenburuaren ondoren, egilearen izenarekin batera argitaratu nahi den aurkezpena ere zehaztuko da (X Institutuko Ikerlaria, Irakaskuntza Ertainetako Irakaslea, Idazlea, Y Unibertsitatea, Z Unibertsitateko Irakaslea, Psikologoa...). Bost-hamar lerroko laburpena ere igorriko da lanarekin batera, euskaraz eta ingelesez, eta izenburuaren ingelesezko itzulpena. Artikuluari dagozkion gako-hitzak ere euskaraz eta ingelesez bidaliko dira (lau gehienez).
Originalak euskara batuaz idatzirik etorriko dira eta Euskaltzaindiak emandako arauetara moldatuta. Aldizkariko hizkuntz zuzentzaileak artikuluaren hizkuntz zuzentasuna ziurtatzeko beharrezko aldaketak egiteko eskubidea izango du.
Ahal den neurrian testuak ondoko aurkezpen-arau hauetara egokitu beharko dira:
Izenburua, egilearen izena eta aurkezpen laburra, letra xehe lodiz (ortografiak eskatzen dituen letra larriak salbu) idatziko dira. Orobat atalburuak, letra xehe lodiz jarriko dira, baina erdian lerrokatuta. Azpiatalen buruek ere letra xehe lodia izango dute, baina ezkerrean lerrokatuta egongo dira eta aurrean zenbaki edota letraren bat jarrita. Azpiatalen barruko zatien buruak, zenbaki edota letrekin hauek ere, letra xehe etzanez idatziko dira. Zatiak bereziki ugari direnean zenbaki erromatar eta arabiarrekin eta letra larri eta xeheekin joka daiteke buruaren aurrean. Gainerakoetan ez da letrakera lodia erabiliko. Letrakera etzana (eta ez lodia edo larria) erabiliko da zerbait bereziki nabarmendu nahi denean. Etzanaren ordain gisa erabil daiteke azpimarra ere originaletan, baina ez bestela.
Beste nonbaitetik harturiko aipamenak, luzeak direnean (UZTAROko hiru lerro edo gehiago), lerrokada berezian emango dira, letra zuzenez, ahal bada tipo txikiagoan, ezkerreko alboan koska aterata. Itzulpena denean, jatorrizkoa eskaini nahi duenak orripeko oharrean eman dezake alboko kakotx bikoitzen artean («...»). Edo nahiago bada, alderantziz. Laburrak direnean (UZTAROko bi lerro edo gutxiago), lerrokada bereizi gabe emango dira aipamen hauek, letra zuzenez, alboko kakotx bikoitzen artean («...»). Jatorriz euskarazkoa ez denean, jatorrizkoa eta euskal itzulpena eman nahi badira, alboko kakotx bikoitzen artean joango da lehena («...») eta inprimategiko kakotx soilen artean bigarrena (‘...’). Laburrak zein luzeak izanik ere, aipuak ohar barruan eskaini nahi direnean, lerro-kada bereizi gabe emango dira, letra zuzenez, alboko kakotx bikoitzen artean («...»).
Hitz solteen edo sintagma laburren itzul-penak emateko inprimategiko kakotx soilak erabiliko dira (‘...’), baita esanahia edo adiera azaldu nahi dutenak biltzeko ere. Euskara ez beste hizkuntzetako hitz solteak edo sintagma laburrak, ordea, letra etzanez aurkeztuko dira. Orobat erabilera metalinguistikoak.
Testu barruko aipamenak erraztearren, taulak ematen direnean, zenbatuta joango dira: 1. Taula, 2. Taula... Orobat adibideak, ugari direnean: (1), (2), (3)a, (3)b.
Artikuluak honela agertuko dira bibliografian, letra zuzenak eta etzanak, xeheak eta larriak, parentesiak, komak eta puntuak hemen erakusten den moduan jarriz:
Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea): “Artikuluaren izenburua”, Aldizkariaren izena zenbakia, orrialdea-orrialdea.
Liburuak honela:
Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (argitalpen urtea): Liburuaren izena, Argitaletxea, Edizio-tokia.
Bilduma batean, kongresu bateko agiri-liburuan, edo halakoetan agertzen diren artikuluekin honela jokatuko da bibliografian:
Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea): “Artikuluaren izenburua”, in Editorearen izenaren lehen letra. Editorearen deitura (arg.), Bildumaren izena, Argitaletxea, Edizio-tokia, liburukiaren zenbakia, orrialdea-orrialdea.
Liburu edo artikuluari buruzko oharrik eskaini behar denean, taket artean emango da [...], adibidez faksimilea dela argitzeko, berrargitalpen bat dagoela esateko, argitaratzear dela zehazteko, itzulpena denean jatorrizkoaren izena emateko... Hurrenkera alfabetikoan eskainiko da bibliografia, egileen deituren arabera. Egile baten lan bat baino gehiago agertzen denean, aurrenekoan idatziko dira izen-deiturak eta hurrengoetan marra luze bat emango da hauen lekuan, eta komaren ondoren urtea. Egile beraren lanak hurrenkera kronologikoan eskainiko dira, zaharrenetik hasita; urte batean lan bat baino gehiago baldin baditu (urtea)a izango da lehena, (urtea)b bigarrena, (urtea)c hirugarrena...
Orripeko oharretan ez da fitxa bibliografikorik eskainiko. Bibliografian sartu nahi ez den zerbait aipatzeko noizbait horrela egin nahi bada, lehenengoz agertzen denean aipatuko da osorik aipatu beharrekoa, eta hurrengoetan bibliografian balego bezala jokatuko da, edo op. cit., ibidem... eta halakoez baliatuz. Ekidin daitekeen ohar-gehiegikeria saihestearren, egin behar diren bibliografi aipamenak ahal dela testu nagusian sartuko dira, parentesi artean, egilearen deitura (behar denean), argitalpen-urtea eta bi puntuen ondoren orrialdeak zehaztuz.
Inolako gaztigurik gabe erabil daitezke arlo bakoitzean ohizkoak diren bibliografi laburdurak. Bestelakorik erabili behar denean lehenengoz erabiltzen denean jakinaraziko da bakoitzaren esanahia; asko direnean artikulu-bukaerako zerrenda batean bil daitezke. Arruntak ez diren sinbolo edo diakritikoak erabiltzen direnean, hauen zerrenda erantsiko zaio artikuluari maketatzailearen lana errazteko.
Azalduriko gaiarekin zerikusia duten argazkiak eta irudiak (ilustrazioak) sartu ahal izan dira. Euskarri informatikoan entregatuko diren irudiek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
– Gutxieneko bereizmena: 300 pp-tik gora, gutxieneko kalitatea ziurtatzeko.
– Irudiaren neurria: 10 x 10 cm-tik gorakoa.
– Artxiboaren formatua: TIFF, EPS edo JPG izango da.
Inprimatzeko orduan zuri-beltzean agertuko dira. Era berean, argazki guztiek ondoz ondoko zenbakiak izan beharko dituzte, aurretik edo atzetik ‘irudia’ hitza (edo horren laburdura) dutela, dagokion oinarekin eta testuan non kokatzen den adierazten dela.
Izan ere, argazkien oinetan, irudiak norberarenak ez badira, komeni da ilustrazio horien autorea nor den esatea edo behintzat irudien iturria: hau da, liburua, aldizkaria, katalogoa edo artxiboa den. Adibide gisa:
– 2. irudia. Bilbao aldizkaria, 214, 2007ko maiatza, 10. or.
– 3. irudia. Euskomedia Fundazioa. Eusko Ikaskuntza/SEV.
– 4. irudia. Hirigintzako artxiboa, Bilboko Udala (dokumentuaren espedientea edota zenbakia zehaztu daitezke, baita urtea ere, posible bada).
Hizkuntz zuzentasuna ziurtatzeko edo aldizkariaren aurkezpen arauetara egokitzeko, onarturiko artikuluak aldaketaren bat behar izanez gero, astebeteko epea izango du egileak, Kontseilu Batzordearen erantzuna hartzen duenetik, testu zuzendua bidaltzeko idazkaritzara ; artikulu-ebaluatzaileek eskaturiko aldaketa handiagoetarako, hilabeteko epea emango zaio egileari.
Argitaratu baino lehen gutxienez behin hartuko du egileak bere artikuluaren testu maketatua, originalarekin batera, eta astebeteko epea izango du testu maketatuaren alboetako zuriuneetan behar diren zuzenketak egin eta biak berriro idazkaritzara itzultzeko.